Aartikuluetan zein podcastetan, instagrameko ‘story’etan, irratietan eta telebistetan nola, ‘fenomeno’ hutsa dela diote. Baina Tolosako ‘Txitxi’,(330.000 jarraitzaile/folowers) betidanik izan da ‘fenomenoa’, … markaz fuerako (g)izakia. Margolaria, orduko alkateak eskatua General Artetxe kalean dagen Txantxilloren erretratua pintatu zuen. Baita Bretxako emakume arrain-saltzaileak omentzen zituena ere. Txirrindularia, talde majoa osatu zuen beste markaz kanpoko neskekin. Triatloian txapeldun. Muralgile (‘Unbutu’ izeneko ekimena, pinturaren bitartez zaharrak, gazteak eta etorkinak bildu, saretu). Mugimendu klaseak ematen ditu. Sareetan. Aurrez-aurrekoak ere. Hizketan hasi eta Alpeetaraino ere iritsi ginen.
– Nola du izena txakurrak?
– ‘Sisu’.
«Gorputza erabiltzeari utzi diogu. Ezinbesteko dugu dituen gaitasunei heldu, mugimenduan jarri. Izan dezagun berriro gorputz funtzionala »
– Finlandieraz!
– Badakizu zer esan nahi duen?
– Finlandiako Jalmari Helanderrek sortutako film pare bati esker. Akziozkoak, terrorezkoak, tentsio handikoak: ‘Sisu’!
– Barruko indar hezigaitza. Ausardia. Pertseberantzia. Iraunkortasuna. Irmotasun estoikoa. Dena junto oztopoak gainditzeko. Garaipena ezinezkoa badirudi ere…
– Txakurrarekin konpartitu beharko zenuke izena. Etengabe ari zara zure burua berrasmatzen, erreinbentatzen. Ziklista hasi zinen. Konpainia ezin hobeagoan…
– Egia. Gorbea emakumezkoen taldea osatu genuen. Espainiako lehena. Hor geunden Amaia Elosegi, Dina Bilbao, Josune Gorostidi, Carolina Sagarmendi… Begira argazki hau. Reusen egin zen lasterketa batean gaude. Nairobitarra sortu zuten mutilek egiten zuten gure ‘lasterketa zuzendari’aren planta, beste neska guztien inbidiarako. Sartu izan ginen gero triatloian. Sekula ez ahaztuko Irunen egin zen lehena. Orain ‘bide-erakusle’ deitzen digute baina guk ez genuen, inolaz ere eta inoiz ez, aurrendariak ginela pentsatu, sentitu.
– Ez!!!?? Ba egunotan beste aitzindari bat omendu dute. Hil berri da futbol klubik fundatu eta zuzendu zuen lehen emakumea.
– Nor?!
– Amelia del Castillo. Club Atlético de Pinto sortu zuen. 1963an.
– Guk gustuko genuena egiten genuen. Bidaiatzea genuen maite eta bidaiak egiteko mundu egokia zen probetara joatea eta kito. Hori bai, sekula ez zait gustatu norgehiagokan aritzea. Konpetizio asko bizi izan dut eta adiskidetasunerako ez dira batere onak.
– Zergatik?
– Nazioarteko txapelketa batera, Mundial batera, Joko Olinpikoetara ezin baitugu denok joan. Gure artean lehiatu behar dugu aukera izateko. Lehia horrek min ematen dio laguntasunari. Nik suerte izan nuen. Azkar utzi nion konpetitzeari. Prestatu nuen nire burua masajista izateko eta Espainiako Selekziokoa izan nintzen. Gorde nituen lagunak. Mimatzen nituen, gorputzak eta buruak laztandu…
– Kontatu Alpeetako istorio hori, Txapeldun handia izan zen Dori Ruanorekin…
– Azken mendatea geratzen zitzaigula, gu kotxean, Doriren atzean gindoazen. Ikusi genuen gaizki ibiltzen zela, bideari ezin eutsiz. Gu beldur. Kaminoa zen estua. Alde batean, mendi pareta eta bestean, sakana… Alta, esan behar izan genion eutsi behar zuela. Gure taldeko bakarra zen lehian, beste guztiek abandonatu izan baitzuten karrera. Gogoan dut Dorik heldu egin ziola eskulekuari eta gehiago ezin zuenean, ez zuen bizikleta utzi joaten, ez zuen oina oinpekotik atera, bizikletarekin eta guzti erori zen. Hori indarra, bai barrukoa, bai kanpokoa. Hori kirolari totala.
– Hala eta guztiz, zuk eta lagunek ez zenuten bizikleta utzi. Zakutoak, alprojak, jarri baizik.
– Esandakoa. Bidaiak ditugu maite urteen bueltan berriro elkartu garen hainbat neskek. Hilabetero afaltzen dugu nirean eta urtero egiten dugu bidaia majo bat. Nortzuk gara? Josune, ziklismo elitean izandako Conchi Carballeda, Nekane eta Ainhoa Artolazabal, Ainhoa Ostolaza…
– Lerroburuko esaldia… Bizitzaren azken herenean sartu zarela diozu. Zer sentsazio?
– Nire bizitzaren lehengo zatia kontatu dizut, abentura! Estatu Batuetan ere bizi izan nintzen. Bigarrenean, amatasuna. Mundutik jaitsi nintzen orduan. Nahi nuen ditudan seme-alaba biak hezi, zaindu. Beraiekin izan. Beste guztiak ez zuen inporta handirik. Ama izan nintzen 24/7. Orain 63 urte ditut. 100 urte arte nahi dut bizi. Baina ondo bizi. Sasoian. Beti izan naiz nire denboraren andre eta jabe. Orain ere izango naiz. Behin, makurtzean min eman zidan bizkarrak. Segituan pentsatu nuen, baina zer egingo dut nik ehun urte bete arte gorputz honen barruan? Nahi nuen lagun, adiskide, sostengu eta ez arerio. Martxan jarri nintzen. Eta beste askorekin konpartitu pentsamendua. Bidaiatu maite dut. Mugimendua ere. Artea. Irakastea. Nire bizi-buru-bihotz- irrika guztiak bildu ditut azken heren honetarako. Eta dirudienez, jendearengana iritsi dira nire aholku, ariketak eta hausnarketak.
– Jarraibide batzuk emango, otoi?
– Zure bizitzaren jabe izan. Oreka, indarra, malgutasuna, koordinazioa dituen gorputz batean. Begi itxita askoz hobeto entzuten eta ikusten duen arima batez Bizikidetza lantzen duen bihotzarekin.