1937ko ekainean tropa frankistek fusilatu aurretik Lauaxetaren ziegakide batek bere ‘Kartzelako poemak’ ezkutatu ez balitu, euskal egile ospetsu honen lanaren zati bat ezagutu gabe geratuko … ginatekeen. Testu hauen gordelekua horman zintzilikatutako gurutze baten atzealdea izan zen, obra babesteko giltzarria, eta pasadizo hau eta beste batzuk ‘Lauaxeta, ametsen egilea’ erakusketan ezagutu ahalko dira martxoaren 12ra arte, Sabin Etxeko Euskal Abertzaletasunaren Museoan. Euskal olerkariaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da ekimena.
Esteban Urkiaga Lauaxetaren (1905-1937) izpirituari jarraituz, ibiltaria izateko jaio zen erakusketa hau hamar panelek osatzen dute. Momentuz, Laukiz, Mungia, Durango, Gernika eta Bilbon egon da, eta laster Gipuzkoara egingo du bidea. Jon Kortazar erakusketaren komisarioak astearte honetan egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu duenez, «bertaratzen direnek kronologikoki antolatutako argazki, gutun, egunkarietako artikulu, ipuin, eta infografiez gozatu ahalko dute». Gainera, hori nahikoa ez balitz, «pieza berezi eta ia ezezagunak ikusi ahalko dituzte, hala nola, Leizaola lehendakariaren lekukotzak, espetxeko sarrera-erregistroa edo 1938an Bartzelonan zeuden euskal idazleek egin zioten omenaldia», esan du.
Ekitaldiaren irudi batzuk.



Antolatzaile den Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu du Lauaxeta ez zela bakarrik gerra-garaian hil zuten olerkari laukiztarra. «Bere garaiko pertsona sano berezia izan zen: euskalduna, euskaltzalea, abertzalea, jeltzalea, kristaua, kazetaria, askatasunaren maitalea, europar zalea eta demokrazia zalea». Ildo horretan, azpimarratu du erakusketa honek «bere figura ezagutzeko eta haren izena eta lana sakonago aztertzeko aukera paregabea» eskaintzen duela, eta «oroimen historikoaren ariketa ere badela: nor garen eta nondik gatozen gogoratzeko aukera», hain zuzen ere. Irudien eta testuen bidez, «umezaroa, bokazio poetikoa, militantzia kulturala, konpromiso politikoa, eta azkenik, 1937an gerraren tragediak bere bizia eten zuen unea ezagutuko dugula» jakinarazi du.
Gernikako bonbardaketa
Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioko presidenteak «gure modernismo literarioaren poetarik garrantzitsuenetako bat eta XX. mende hasierako euskal berpizkunde kulturalaren ikurra dena» ere omendu nahi izan du. «Lauaxeta ez zen poeta bakarrik izan, gudari eta militante ere izan zen, Euskadiren eta bere erakunde legitimoen defentsarekin konprometitua».
Azaldu duenez, horren froga da «1937an Juan de Ajuriagerrak Lauaxetari eskatu ziola -orduan Euzko Armadako komandantea zen- kazetari frantses bat Gernikara eramateko, apirilaren 26ko bonbardaketa nazi-faxistak eragindako suntsipena munduari erakuts ziezaion». Testuinguru horretan atxilotu zuten tropa frankistek, eta 1937ko ekainaren 25ean epaitu eta fusilatu zuten Gasteizko Santa Isabel hilerrian, 31 urte besterik ez zituela. Bere heriotzarekin ahots bat isilarazi nahi izan zuten, baina lortu zutena duintasun, kultura eta erresistentziaren sinbolo iraunko bihurtzea izan zen».
Ekitaldi hau, non Aitor Esteban eta Iñigo Ansola EBBko eta BBBko presidenteak ere izan ziren, Miren Sorkunde Urkiaga omenduaren ilobaren esker oneko hitzekin amaitu zen. «Gure familia oso eskertuta dago erakundeak nire osabarekiko erakusten duen interes eta maitasunagatik, eta bere ondarea bizirik mantentzeko egiten duen ahaleginagatik». Interesa dutenek erakusketa bisitatu ahal izango dute astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 10.00etatik 14.00etara; eta asteazkenetan, 10.00etatik 19.00etara.